Honela erabiliko dute bloga ikasleek (inoiz erabiltzen badute...)
IZ eta EZT graduetako 1. mailako ikasleei zuzenduta dago jarduera hau, fisika irakasgairako hain zuzen ere (6 kreditu).
Jardueraren deskribapena
Talde lana izango da. Blogeko sarrera bakoitzean, egoera batean agertzen den/diren fenomeno fisikoa/fisikoak aztertuko dira Egoerak hainbat eratan ager daitezke: argazki bat, bideo bat, komiki bat, testu bat, film bateko eszena bat, etab.
Gaitasunak
- mundua aztertu fisikaren ikuspegitik: neurketak/magnitudeak, eredu fisikoak eta tresna matematikoak erabiliz
- ikasitakoaren aplikazioa (egiten jakin), ariketa harruntetan ez bezala (jakin)
- beharrezko galderak egin, aldi berean espiritu kritikoa eta sormena landuz
- datu/informazio osagarriak aurkitu, emandako bibliografia eta bestelako baliabideekin
- informazioa antolatu eta aurkeztu (komunikazioa)
- autoikaskuntza - talde lana - ikaskuntza kooperatiboa
Edukiak eta metodologia
Taldeka egingo dute. Talde bakoitzean 3 ikasle egongo dira (36 ikasle IZkoak, 21 EZTkoak). Taldeak sortzeko (lanaren kudeaketa, denen partehartzea bermatzeko baldintzak etab.) eta blogaren erabilpena azaltzeko gelako praktika bat erabiliko dugu.
Talde bakoitzak gutxienez sarrera bat prestatu behar izango du eta beste hiru sarreratan (beste taldekoak) iruzkin esangarri bat idatzi.
Gai bakoitzarako egoera desberdinak proposatuko dira. Irakasleak egoerak moodle-en aurkeztuko ditu hainbat baliabide erabiliz: argazki bat, bideo bat, komiki bat, testu bat, film bateko eszena bat, etab. Sarrera bakoitzean, egoera batean agertzen den/diren fenomeno fisikoa/fisikoak aztertuko dira kualitatiboki zein kuantitatiboki. Beraz, beren kabuz datuak eta informazio osagarria bila ditzatela beharrezkoa da. Funtsean, problematan oinarritutako ikaskuntza (PBL) dela esan daiteke nolabait (?).
Bloga irekia izango da, kanpoko jendearen ekarpenak jaso ahal izateko. Horrela, ikasleak lanen aurkezpena zaintzera behartuta daude eta edukiak hobetzeko aukera gehiago izan dezakete. Gainera, iruzkin guztiak erantzun behar dute.
Ikasleek eskuragarri izango dute gida bat jardueraren zehaztasun guztiekin.
Ebaluazioa
Jarduera hau esperimentu bat denez, ez da derrigorrezkoa izango, baina "saririk" ez badago, zertarako egingo dute? (ikastea ez ohi da "sari" egokia askoren ustez...). Notarako puntuak emateak beti arazoak dakartza: zenbat, zergatik, nola banatu taldekideen artean, beste irakasleak ez du egiten edo beste gauza batzuk eskatzen ditu,...Beraz sari hitza literalki hartuko dut eta opariak izango dituzte. Fisikarekin zerikusi dutenak, noski (puntu hau hasieratik azalduko ote dien ez dut erabaki oraindik): liburuak, aldizkariak, jostailuak,etab.
Opari horiek nola banandu? Edozein lehiaketatan bezala, epaimahai bat behar dugu: beraiek. Talde bakoitzak besteei buruz honako atal hauek balioetsi beharko dute:
- zuzentasuna
- egokitasuna
- aurkezpena (argitasuna,...)
- kooperazioa (zure talderako lagungarria izan den iruzkin bat egin dute)
(Agian taldeen izenak nik bakarrik ezagutu beharko nuke hasieran haien ebaluazioa objetiboa izateko?) Egindako sarreren kopurua faktore biderkatzaile gisa sar daiteke. Opariak lehenengo hiru taldeentzat izango dira. Gainontzekoentzat, kontsolazio-sari bat aurkitu behar dut.


